Descárgate la app
Toki entitateei dirulaguntzak emateko, 2026. urtean, kulturen arteko bizikidetza eta arrazismoaren nahiz xenofobiaren aurkako borroka sustatzeko proiektuetarako
En resolución
Oinarrizko informazioa
Norentzat keyboard_arrow_down
Deialdi honetan ezarritako dirulaguntzak jaso ahal izateko, toki entitateek baldintza hauek bete beharko dituzte:
- Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan xedatutakoa betetzea.
- Ez egotea zehapen administratibo irmorik edo kondena-epai irmorik betetzen, edo, bestela, ez egotea zehapen eta kondena-epai bat bete zain, sexuagatiko edo generoagatiko diskriminazioa dakarten lan arloko jardunbideak gauzatu edo toleratzeagatik.
Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean bete beharko dira baldintza guztiak, eta, orobat, diruz laguntzen den jarduerak irauten duen bitartean bete beharko dira, justifikazio epea bukatu arte.
Deskribapena keyboard_arrow_down
Oinarri hauen xedea da toki entitateei dirulaguntza batzuk emateko araubidea zehaztea, kulturen arteko bizikidetza eta arrazismoaren nahiz xenofobiaren aurkako borroka sustatzeko proiektuak egin ditzaten 2026. urtean.
Dirulaguntzen helburua da kulturen arteko bizikidetza sustatzea eta arrazismoaren nahiz xenofobiaren aurka borrokatzea, aniztasuna balio gisa lantzen duten esku-hartze komunitarioko ekintzak eginez. Dirulaguntzaren xedeko proiektuen hartzaileak Nafarroako Foru Komunitateko herrietako jendea, oro har, izanen dira.
Dirulaguntzaren xedeko proiektuak 2026ko urtarrilaren 1etik azaroaren 30era bitarte gauzatu beharko dira, bi egun horiek barne. Ondorio horietarako, gauzatutzat hartuko dira epe horren barrenean sortu direnean eta 2027ko urtarrilaren 15a baino lehenago ordaindu direnean.
Eskaerak aurkezteko epea 15 egun baliodunekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Eskaerak adierazitako epetik kanpo aurkeztuz gero, ez dira onartuko.
Eskaerak aurkezteko modua.
Eskaerak eta aurkeztu beharreko dokumentu guztiak, nahitaez, telematika bidez aurkeztuko dira, deialdiaren fitxa erabiliz, Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atariko tramiteen katalogoan (https://www.navarra.es/eu/tramiteak).
Horretarako, nahitaez eduki behar da ziurtagiri digitala.
Entitate bakoitzak eskaera bakarra aurkezten ahalko du.
Ekintza bat entitate batek baino gehiagok elkarrekin egiten badute, ekintza gauzatzeko ardura bere gain hartzen duen entitateak aurkeztuko du eskaera; entitate horrek egin beharko ditu ekintzari dagozkion ordainketa eta gastu guztiak, eta berak jasoko du dirulaguntza osoa. Elkarrekin parte hartzen duten entitateek ezin izanen dute banakako eskaera aurkeztu.
Aurkeztu beharreko agiriak keyboard_arrow_down
A.Diruz lagundu nahi den proiektuari buruzko dokumentazioa.
Eskaera teknikoek ez dute 20 orrialde baino gehiago izanen (edo 10 orri bi aldeetatik), Arial 11 letran eginda. Eskaera tekniko luzeagoak atxikiz gero, baloraziorako lehen 20 orrialdeak baizik ez dira aintzat hartuko.
Bi eskaerak euskarri informatikoan aurkeztu beharko dira, eta formulario ofizialaren arabera, zeina interesdunen eskura egonen baita deialdiaren fitxan, Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atariko tramiteen katalogoan (https://www.navarra.es/eu/tramiteak). Derrigorrean erabili behar dira aipatu fitxa horretan deialdi honetarako dauden ereduak.
B.–Entitate eskatzaileari buruzko dokumentazioa
Oinarrian adierazitako moduan aurkeztu behar da honako dokumentazio hau, eskaneatuta eta behar bezala identifikatutako dokumentu bereizietan:
- Hala badagokio, eta 10. oinarrian xedatutakoari dagokionez, aurrerakinaren eskaera eta dirulaguntzaren xedeak betetzeko funtsik ez izateari buruzko erantzukizunpeko adierazpena, eta premia frogatzeko egiaztagiriak, III. eranskineko ereduaren araberakoa.
- Onuradun izateko baldintzak betetzeari buruzko erantzukizunpeko adierazpena, IV. eranskineko ereduaren araberakoa.
- Sexuan edo generoan oinarritutako diskriminazio ezari buruzko erantzukizunpeko adierazpena, V. eranskineko ereduaren araberakoa.
- Nafarroako Gobernuko Ekonomia eta Ogasun Departamentuak emandako ziurtagiria, aurkeztu baino hilabete lehenagokoa gehienez ere, frogatzen duena egunean dituela Foru Ogasunarekiko zerga betebeharrak. Ez dira agiri horiek aurkeztu beharko, baldin eta baimena ematen bada Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako Departamentuak egiaztapen hori zuzenean egin dezan Ekonomia eta Ogasun Departamentuan (VI. eranskina).
- Gizarte Segurantzako Diruzaintza Orokorrak egindako ziurtagiria, gehienez ere aurkeztu baino hiru hilabete lehenago egina, frogatzen duena Gizarte Segurantzarekiko betebehar guztiak egunean daudela. Eskatzaileak ziurtagiri hori aurkeztu beharko du baldintza hori frogatzen duten datuak kontsultatzearen aurka agertzen bada, arrazoituta, VI. eranskineko ereduaren arabera. Aldiz, eskatzaileak ez du dokumentazio hori aurkeztu beharko Gizarte Segurantzako datuak kontsultatzearen aurka agertzen ez bada, VI. eranskinaren arabera.
- Hala badagokio, diruz lagundutako jarduerak entitatearekin lotura duten pertsonekin/entitateekin azpikontratatzeko baimen-eskaera, VII. eranskinaren araberakoa. Hala ere, entitate onuradunak baimen-eskaera hori ondorengo edozein unetan aurkezten ahalko du, jarduera azpikontratatu aurretik. Bi kasu horietan, 13. oinarrian adierazitako moduan ebatziko da eskaera.
- Beste dirulaguntza batzuk eskatu eta/edo emateari buruzko erantzukizunpeko adierazpena, IX. eranskineko ereduaren araberakoa.Kasua bada, BEZaren aitorpena egitea ez dagokiola edo hartatik salbuetsita dagoela frogatzen duen ziurtagiria, Nafarroako Zerga Ogasunak edo Espainiako Zerga Agentziak egina aurkezteko epea baino gehienez ere hiru hilabete lehenago.
- Transferentzia bidez ordaintzeko eskaera, Nafarroako Gobernuari dirulaguntza eskatzen dion lehenbiziko aldia baldin bada edo aurreko dirulaguntzak jasotzeko emandako bankuko kontua aldatu bada; Nafarroako Gobernuaren webguneko Diruzaintza Inprimakien atalean egonen da eskuragarri (https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/nafarroako-foru-administrazioaren-inprimaki-orokorrak).
Dirulaguntza ordaintzea
Ordainketa aurreratua eskatu duten entitateak. Oro har, ordainketa aurreratu bakarrean ordainduko da dirulaguntza, Migrazio Politiketako zuzendari nagusiaren ebazpen bidez. Ebazpen hori dirulaguntza emateko ebazpena eman eta hilabeteko epean emanen du, eta eman beharreko dirulaguntzaren zenbateko osorako, bat etorriz Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 33. artikuluarekin.
Toki entitateek dirulaguntza aurrez ordain dakien eskatzen ahalko dute, baldin eta justifikatzen badute dirulaguntzaren xedea betetzeko funtsez hornitu beharra dutela. Horretarako, eskaerari erantsi beharreko agiriekin batera, deialdi honen III. eranskinean jasota dagoen erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko da, adierazten duena entitateak aski funtsik ez duela dirulaguntzaren xedeak betetzeko eta funtsak behar dituela, eta funtsik ez duela edo horien beharra duela egiaztatu beharko da entitateko ordezkariaren ziurtagiri baten bidez; hartan, honako hauek adieraziko dira: entitatearen izenean dauden banku kontuak, diruzaintzako egoera edo bankuko kontuetako uneko saldoak agertzen dituen bankuko ziurtagiri bat –banku elektroniko bidez lortutakoak ere onartuko dira–, bai eta hileroko aurreikuspen bat ere, ordaintzeke edo kobratzeke dauden gastuei eta diru-sarrerei buruz –dirulaguntzaren xedearekin lotutakoak–, eta proiektuarekin lotu gabeko gastu- eta sarrera-konpromisoak.
Ordainketa aurreratua eskatu ez duten entitateak. Ordainketa bakar batean aldez aurretik ordaindu ez den kasuetan, bi ebazpenen bidez onetsiko da diruz lagundutako zenbatekoaren ordainketa:
- Lehenbiziko ebazpena, 2026ko urtarrilaren 1etik 2026ko irailaren 30era bitarte egindako ekintzei dagozkien gastu justifikatuak ordaintzeko, 11. oinarriaren arabera;
- Bigarren ebazpena 2026ko abenduan onetsiko da, eta 2026ko urriaren 1etik 2026ko azaroaren 30era bitarte egindako gastuen konturako ordainketa egitea erabakiko du.
Bigarren ordainketa horretarako, entitate onuradunak konturako ordainketa-eskaera bat aurkeztu beharko du, 2026ko abenduaren 2an beranduenez. Eskaera horrek sortutako eta justifikatzeko dauden gastu arrunten eta pertsonal gastuen zerrenda bati erantzunen dio, 5. oinarrian ezarritako baldintzetan gauzatutako jarduera zatiari dagokionez.
Konturako ordainketa eskatzeko ez da beharrezkoa izanen dirulaguntzaren xedeak betetzeko funts-horniduraren beharra justifikatzea, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 33.4 artikuluan xedatutakoaren arabera.
Diruz lagundutako jarduketak justifikatzeko epea eta modua.
A) Justifikazio agiriak telematika bidez aurkeztuko dira beti, Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atarian, tramiteen katalogoko (https://www.navarra.es/eu/tramiteak) deialdiaren fitxaren bidez, fitxa horretan eskuragarri dauden formularioekin bat etorrita.
B) Entitate onuradunek, diruz lagundutako zenbateko osoa aldez aurretik jasotzea dagokien ala ez kontuan hartuta, jarduketak eta haiekin lotutako gastuak oinarri hauetan adierazitakoaren arabera gauzatu izanaren justifikazioa aurkeztuko dute, honako data hauetara egokituta:
- 2026ko urriaren 9a izanen da azken eguna (tarteko justifikazioa, txosten teknikoa eta txosten ekonomikoa ) 2026ko irailaren 30era arte (egun hori barne) egindako jarduketen eta haiei lotutako gastuen justifikazioa aurkezteko, Migrazio Politiketako Zuzendaritza Nagusiak emandako dirulaguntzaren ordainketa aurreraturik jaso ez duten entitateentzat.
- 2027ko urtarrilaren 15a izanen da azken eguna (azken justifikazioa, txosten teknikoa eta txosten ekonomikoa ), batetik, aurreko puntuan aipatutako entitateek 2026ko urrian eta azaroan egindako jarduketak justifikatzeko, eta, bestetik, Migrazio Politiketako Zuzendaritza Nagusiak emandako dirulaguntzaren %100eko aurrerakina jaso duten entitateek diruz lagundutako jarduketa guztiak justifikatzeko (2026ko urtarrilaren 1etik azaroaren 30era arteko jarduketak).
Gainera, prozeduraren instrukzio-organoak txosten bat aurkezteko eskatzen ahalko du noiznahi, diruz lagundutako jarduerak zenbateraino gauzatu diren azalduko duena. Horrez gain, diruz lagundutako proiektuari aurrez aurreko jarraipena egiten ahalko dio.
C) Bai tarteko justifikazioa (dirulaguntzaren %100eko aurrerakina jaso ez duten entitateen kasuan), bai azken justifikazioa justifikazioko kontuaren forma hartuko dute, eta honako agiri hauek osatuko dute:
- Proiektua gauzatzeari buruzko txosten teknikoa, oinarri honen 1. atalean ezarritako ereduarekin bat, garatutako jarduketak eta diruz lagundutako jarduerak gauzatzeko kronograma jasota, ezarritako helburuen arabera (ordu kopurua, prezioa, parte-hartzaile kopurua eta abar).
Tarteko justifikazioa aurkeztu duten entitateek, aurrerakinik eskatu ez dutelako, ez dute zertan txosten horretan aurkeztutako informazioa programaren amaierako txostenean aurkeztu. Beraz, tarteko txostenak aurkeztu behar izan dituzten entitateek justifikatzeko dagoen aldiari buruzko informazioa baino ez dute sartu beharko amaierako txostenean.
Bestalde, emandako dirulaguntzaren %100eko aurrerakina jaso duten entitateek, ez dutenez tarteko txostenik aurkeztu behar izan, amaierako txosten bat aurkeztuko dute, eta hartan justifikatu beharko dute diruz lagundutako proiektua osorik gauzatu dela oinarri arautzaile hauetan ezarritakoaren arabera.
- Txosten ekonomikoa, proiektuaren garapena justifikatzen duena; laguntzen fitxan ezarritako eredua oinarri harturik eginen da, ordaindutako gastu guztien zerrenda ordenatu, zenbakitu eta zehatz baten bidez.
- Onartutako proiektua gauzatzeko egindako gastuen eta ordainketen ziurtagiriak, zeinak digitalki aurkeztu beharko baitira.
2026ko urtarrilaren 1etik aurrera jaulkitako ordainagiriak eta fakturak baino ez dira onartuko gastuen frogagiri gisa. Agiri horietan honako hauek jaso beharko dira: agiri-zenbakia, jaulkipen data eta ordainketaren data efektiboa, jaulkitzailearen eta hartzailearen datuak, kontzeptua, zenbatekoa eta ordaintzeko formula, bat etorriz fakturazio betebeharrak arautzen dituen erregelamendua onesten duen apirilaren 10eko 23/2013 Foru Dekretuan xedatutakoarekin. Kanpoan geratzen dira berariaz albaranak, aurrekontuak eta hartze-agiriak. Fakturak ez dira onartuko baldin eta fakturatutako ondasuna edo zerbitzua ez bada argi eta bereiz ezartzen kontzeptuan.
100 eurotik gorako gastu guztien ordainketak bankuko ordainagirien bidez frogatuko dira. Zenbateko horretakoak edo txikiagoak diren gastuak, berriz, fakturen bidez edo froga balio bera duten beste agiri batzuen bidez justifikatzen ahalko dira, kasu bakoitzeko ordainagiriak erantsita, hots: bankuko frogagiriak, "ordainduta" zigilua daramaten fakturak (hornitzaileak sinatuak eta zigilatuak), edo faktura edo gastua ordaindu dela frogatzen duen beste edozein agiri.
Onartutako gastuen zerrenda eta dagozkien aldaketak, halakorik egonez gero, ordainketa proposamenarekin batera aurkeztuko dira, edo, bestela, gastuaren justifikazioarekin batera, dirulaguntzaren ordainketa aurreratua egin bada.
- Zergapetuak eta salbuetsi gabeak badira, BEZ konpentsatuaren aitorpena.
- Hiruhilekoko 715 eredua edo hileko 745 eredua (lan atxikipenak, zenbait enpresa eta lanbide jarduerarenak eta sarienak), eta hiruhilekoko 759 eredua (errentamenduengatiko atxikipenak).
- Hileko nominen zerrenda, langileei eta Gizarte Segurantzari egindako ordainagiriekin eta digitalizatutako lan-kontratuekin batera, hori guztia dirulaguntzaren bidez finantzaturiko langileei dagokienez.
- Jarduketa egin dela egiaztatzeko dokumentazio grafikoa edo ikus-entzunezkoa (material editatuak, argazkiak, bideoak...).
- Hornitzailea hautatzeko justifikazioa, behar denean.
D) Onuraduna behartuta dago laguntzaren organo kudeatzaileak eskatzen dion edozein agiri aurkeztera, beharrezkotzat jotzen bada jarduketen finantzaketa justifikatzeko.
E) Baldin eta, dirulaguntzaz gain, funts berekiak edo bestelako dirulaguntza nahiz baliabideak erabiltzen badira jarduerak finantzatzeko, egiaztatu beharko dira halako funtsen zenbatekoa, jatorria eta diruz lagundutako jardueretan izan duten aplikazioa.
F) Instrukzio-organoak zehazten badu zuzendu daitezkeen akatsak daudela entitate onuradunak aurkeztutako justifikazioan, horren berri emanen dio, hamar egun balioduneko epean zuzendu ditzan.
G) Diruz lagundutako zenbatekoa behar bezala justifikatzen ez bada, justifikatu gabeko zatia jasotzeko eskubidea galduko da, edo, hala badagokio, jasotako zenbatekoak itzuli beharko dira, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan ezarritakoaren arabera.
Entitate onuradunen betebeharrak
Dirulaguntzen onuradun diren entitateek betebehar hauek izanen dituzte:
- Dirulaguntza ematea eragin duten proiektua eta jarduerak gauzatzea deialdi honetako oinarri arautzaileen eta baldintza eta betebehar formal eta materialen arabera, eta dirua zer helburutarako eman zen, hartarako baino ez erabiltzea.
- Justifikazio agiriak aurkeztea 11. oinarrian xedatutakoaren arabera.
- Gardentasun betebeharrak betetzeari buruzko erantzukizunpeko adierazpena aurkeztea, X. eranskineko ereduarekin bat datorrena, eta, hala badagokio, horri lotutako informazioa.
- Organo kudeatzaileari jakinaraztea proiektuari atxikitako langile taldean egiten diren aldaketa guztiak, eta, bereziki, laneko bajak. Baja kasuetan, langileak gehienez ere hilabeteko epean ordeztu beharko dira, dirulaguntza ematean aintzat hartutako pertsonal gastua osatzeko behar den lanaldi portzentajerako kontratatuz.
- Organo kudeatzaileak eta indarra duen antolamendu juridikoaren arabera eskudun diren bestelako organoek egin beharreko egiaztapen lanak onartzea.
- Dirulaguntzaren jatorria jakitera ematea, diruz lagundutako proiektuen zabalkunde eta publizitate orotan, baita zerbitzua ematen den lokalean ere. Zabalkunde idatzian edo grafikoan Nafarroako Gobernuaren logotipoak agertu beharko du, dirulaguntza jasotzen duen entitatearenak duen tamaina berean eta ikusteko moduko baldintza beretan, eta Nafarroaren Sinboloei buruzko otsailaren 27ko 4/2020 Foru Legean ezarritakoari jarraituz. Era berean, "Navarra de Colores-Nafarroa Koloretan" markaren logotipoa agertuko da.
- Diruz lagundutako jarduera finantzatzeko lortutako beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri ematea organo kudeatzaileari. Jakin bezain laster emanen da horren berri, eta jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatu baino lehen.
- Betetzea kontabilitatean eskatzen ahal zaizkion betebeharrak, entitatearen izaeraren araberakoak.
- Jasotako diruaren erabilerari buruzko frogagiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrol lanen xede izan daitezkeen bitartean.
- Migrazio Politiketako Zuzendaritza Nagusiaren baimena eskatu eta eskuratzea diruz lagundutako proiektuan funtsezko aldaketak egiteko, baldin proiektua gauzatzea nabarmen aldatzen edo zailtzen duten inguruabarrak gertatzen badira. Funtsezko aldaketatzat jotzeko, helburuetan, emaitzetan, onura hartzen duen populazioan edo lurralde kokapenean eragina izan beharko du, edo, hasierako aurrekontuarekin alderaturik, partidako multzo bakoitzaren %20ko desbideratze ekonomikoa gertatu beharko da. Aldaketa eskaerek behar bezala arrazoitu beharko dute aldaketa edo zailtasun hori, eta aldaketa justifikatzen duten inguruabarrak agertu eta berehala aurkeztu beharko dira. Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzetan ezer aldatuz gero, Administrazioak aldaketa onartu ala ez, dirulaguntza emateko ebazpena aldatzen ahalko da, edo, hala badagokio, kasuan kasuko zenbatekoa itzuli beharko da. Proiektua gauzatu bitartean gertatzen diren gainerako gorabeherak eta aldaketa ez-funtsezkoak arrazoituta adieraziko dira justifikazioko tarteko txostenean edo amaierakoan, barnean dela Nafarroako Gobernuarenak ez diren finantzabideak handitzeagatik guztirako kostua handitzea.
- Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak ezarritako gainerako eginbeharrak.
Tramitazioa
Azken justifikazioa keyboard_arrow_down
Epea: 26/08/03 - 27/01/15
Honako egiaztagiri hauek erabil daitezke:
- Ziurtagiri digitala edo NAN elektronikoa
- Cl@ve
Tarteko justifikazioaren zuzenketa keyboard_arrow_down
Epea:
Zuzenketa egiteko epea 10 egun baliodunekoa da, jakinarazpen hau jaso izanaren edukia eskuratu eta hurrengo egunetik aurrera
Honako egiaztagiri hauek erabil daitezke:
- Ziurtagiri digitala edo NAN elektronikoa
- Cl@ve
Konturako ordainketa-eskaera keyboard_arrow_down
Epea: 26/11/12 - 26/12/02
Honako egiaztagiri hauek erabil daitezke:
- Ziurtagiri digitala edo NAN elektronikoa
- Cl@ve
Emaitzak
Nori eman zaio laguntza keyboard_arrow_down
83E/2026 Ebazpena, deialdia ebazten duena
Ayllu Kulturarteko Bizikidetza eta Arrazakeria eta Xenofobia Aurkako Borrokarako Zerbitzua
Iturrondo Polígonoa, 1A, 1. soilarua
31600 Burlata
Telefonoa: 848 423 514
Posta electronikoa: migraciones.convivencia@navarra.es
Ondoko administrazio prozedurari lotuta dago tramitea:
Subvenciones a entidades locales para proyectos de promoción de la convivencia intercultural y lucha contra el racismo y la xenofobiaOharra: orrialde honen edukia informazio hutsa da; baldintzak dagokion araudian argitaratutakoak dira.